Hiroshimako eta Holokaustoko bibolinak bake hots bihurtu dira Gernikako Arbolaren azpian

Gernikako bonbardaketearen urteurreneko ekitaldiei hasierea emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ekitaldi hunkigarria hartu dabe gaur goizean. Gernikako Arbolea ezusteko errezitaldi baten lekuko izan da: Ai Yoshida japoniarrak eta Gontzal Rodríguez Agudo euskal bibolin-joleak bake-kantuak eskaini dabez, baina ez edozein tresnagaz. Hiroshimako bonba nuklearretik eta nazien Holokaustotik bizirik urten eben bibolin bi erabili ditue bake deia zabaltzeko.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Batzarretako Mahaiko kideak bertan izan dira, Minoru Watanabegaz batera, azken hau ‘Itxaropenerako bibolinak’ mundu birearen eta Kids Guernica GKEaren arduraduna delarik. Haretxaren itzalpean, musikariek Song of the Birds (Txorien kanta) ezaguna eta J.S. Bachen 1 zenbakidun sonatako “Fuga” interpretau ditue, baita gure lurraldean sustraituta dagozan Txoria Txori eta Agur Jaunak kantuak be.

Itxaropen hotsak munduan zehar

Gernikako Batzar Etxean egindako ekitaldi xume hau “Itxaropenerako bibolinak” izeneko kontzertu ibiltariaren parte da. Munduko bakearen aldeko dei hau Gernikatik igaro ostean, Parisen, Berlinen, Auschwitzen eta Vatikanon entzungo da datozen asteetan. Konexino hau ez da barria, gogoratu behar baita bonbardaketearen 80. urteurrenean Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu zala Auschwitzen.

Erabilitako musika-tresnak iraganeko ankerkerien sinbolo biziak dira. Horreetako bat, Ukrainako luthier batek egindakoa, 1945ean Hiroshiman lehenengo bonba atomikoaren erasotik bizirik urten eban maisu errusiar batena zan. Bibolin “Hibakusha” honek (bonba nuklearretik bizirik urtendakoentzat japonieraz erabiltzen dan berbea), gizakiak sufrimenduaren aurrean dauen erresistentzia gaitasuna irudikatzen dau.

Hurrengo hitzorduak Gernikan

Japoniatik eta AEBetatik igaro ostean, birak Europako bideari ekingo deutso eta Gernika-Lumok beste aukera bi izango ditu instrumentu honeen hotsa entzuteko:

  • Bihar, zapatua (hilak 25): 14:00etan, Andra Mari eleizan.

  • Domekan (hilak 26): 16:00etan, hilerrian egingo dan ekitaldian.

Antolatzaileen helburua garbia da: gerrearen eta gorrotoaren oroitzapenak bizirik iraun daiala ziurtatzea, musikearen indarra erabilita etorkizuneko belaunaldiei bakearen garrantzia bihotzetik helarazteko.