Ibarrangeluko Udalak argitara emon dau dagoeneko 2026ko jaien egitaraua, ekintza eta ikuskizunez beteta herritar zein bisitariak gozarazteko.
Jaiak ,gaur, ekainaren 4an bertan, Gorpuzti Egunean, hasiko dira goizeko 12:00etan San Andres elizan egingo dan meza santuagaz. Ostean, 12:30ean, Fuzank taldearen eskutik trikipoteoa egongo da tabernaz taberna, herriko giroa berotzen hasteko.
Ekainaren 5ean, barikuan, marinu eta arrantzaleen bazkari herrikoia egingo dabe Lagan, arratsaldeko 15:00etan. Parte hartu nahi dabenek Toki Alaien emon behar dabe izena (50 euroko prezioa dakar, eta 20 euroko seinalea utzi behar da). Iluntzean, 20:00etan, txupinazo ofiziala jaurtiko dabe eta jarraian Orkresta elektrotxaranga ibiliko da kalez kale. Gauerdiko giroa ziurtatuta egongo da Radio Guerrilla taldearen (22:00etan) eta Luhartz erromeriaren (00:00etan) kontzertuagaz.
Zapatuan, ekainaren 6an, kultura eta herri-kirolak izango dira protagonista nagusiak. Goizeko 13:00etan Bermioko Erraldoiak eta Gazteak txistulariak ibiliko dira kalejiran. Gero, 15:00etan, herri bazkaria egingo dabe frontoian; ticketak Kultur Etxean eta Udaletxean dagoz salgai (nagusiak 25 euro eta umeak 12 euro). Bazkal ostean trikitixa eta pandero doinuak egongo dira, eta 17:30ean txapela jaurtiketa txapelketa berezia jokatuko da.
Eguna amaitzeko, Josepa Kale Kale musika taldeak joko dau Elixalden 19:00etan, eta 23:00etan DJ Imanol “Budha Bilbao” jarriko dau musika. Domekan, ekainaren 7an, jaiak goizeko 10:00etan hasiko dira diana bategaz herriko txistulariekin, eta 11:00etako mezaren ostean Lorea dantza taldeak dantzatuko dau. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, puzgarriak egongo dira frontoian umeen gozamenerako.
Jaien bigarren asteburua ekainaren 12an, barikuan, bueltatuko da Artiako Abesbatzak Elixalden arratsaldeko 19:00etan emango dauen kontzertuagaz. Zapatuan, ekainaren 13an, paella txapelketa ezaguna jokatuko da Elixalden: izen-ematea 12:00etan zabalduko da eta platerak 14:00etan aurkeztu beharko dira. Kirol zaleentzat be egongo da tokia arratsaldean; 17:30ean eskupilota eta pala partidak hasiko dira, eta 19:00etan binakako pilota partida handia egongo da Jaka-Morgaetxebarria eta Larrazabal-Landa bikoteen artean.
Jaiak amaitzeko, Fanfarre Beti Jai taldeak joko dau 20:00etan Elexalden eta 23:00etan DJ Koet arduratuko da azken dantzak jartzeaz.





