Igeribideak 2026 egitasmoagaz ur irekietako igeriketa bueltatuko da Mundakara

Ur irekietako igeriketa maite dabenek hitzordu garrantzitsua izango dabe uda honetan Busturialdean. Uztailaren 5ean, Igeribideak 2026 ekimena Mundakako Laidatxu hondartzara helduko da, itsasoan igeri egiteaz eta kirolaz segurtasunez gozatzeko aukera paregabea eskainiz.

Egunari hasierea emoteko, Masterclass bat antolatu dabe goizeko 10:00etatik 11:00etara bitartean. Saio tekniko honen helburua ur irekietan segurtasunez igeri egiteko teknika hobetzea izango da; bereziki hastapen edo bitarteko maila daben igerilarientzat dago pentsatuta, eta parte hartzeko gutxienez 12 urte euki behar dira. Teknizazio saio honen ostean, entrenamenduagaz jarraitzeko aukera bikaina egongo da hondartzan bertan.

Ondoren, goizeko 11:30etik 13:00etara, Igeribideak Zirkuituaren txanda izango da. Kasu honetan, saioa maila ertaina daben igerilariei zuzenduta dago, eta parte-hartzaileek gutxienez 14 urte euki beharko dituzte. Gainera, antolatzaileek zehaztu dabenez, txapelketako azken sailkapen orokorrean agertu nahi dabenek gutxienez hiru probatan parte hartu beharko dabe zirkuitu osoan zehar.

Plazak mugatuak direnez, kirol zaleek lehenbailehen emon beharko dabe izena. Horretarako, karteleetan dagoen QR kodea eskaneatu daiteke kudeaketa egiteko, edo informazio gehiago eskuratu aldundiaren webgune ofizialean.