Odola kantari

Pamiela argitaletxeko Upaingoa sailean kaleratu dau Unai Elorriagak bere lehenengo saiakera. Josu Aurrekoetxea musikariarekin iragan urtean egindako errezitaletan oinarrituta dago Odola kantari liburua eta indarkeriak euskal literaturan -balada, bertso eta poemetan batik bat- izandako tokiari buruzkoa da.

Liburuan odolak bakarrik ez, euliek ere berebiziko presentzia dute. Horiek dira literaturaren gai nagusietako bi, Augusto Monterroso idazlearen esanetan. Hitzoi buruzko aipu banak mugarritzen du kapitulu bakoitza; bukaeran, berriz, eulien aipuen antologia saiakera bat. Egiturari dagokionez, kronologikoki egiten du Elorriagak indarkeriaren kontaketa, Erdi Aroko baladetatik hasi eta gaur egungo zenbait adibidetara. Hori bai, XIX. mendea aipatzen du hasieran, gerora argitu beharreko misterioa iragartzeko: Nor ote da Muñagorriren bertsoak sorta ezaguneko egilea? Zein euskal pertsonaia famatu da haren ondorengoa? Galderak airean uzten ditu Elorriagak, eta liburu bukaeran argitzen.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da liburuaren sorkuntzan Elorriagaren laguntzaile-edo ibilitako pertsonaia, egileak Hieronymus deritzona, ustez bere umetako laguna. Liburua ez da azterketa luze, zorrotz eta oro hartzailea, ezpada txatal ugari bilbatzen eta harribitxiak aurkitzen saiatzen den ekarpena. Kontatzen ditu pasadizo jakingarriak, ekartzen ditu pasarte mamitsuak, eta ohar kitzikagarriak eransten.