Gernikaldeko gazteek aukera barria daukie lanbide heziketan murgiltzeko. Lanbide Ekimenak zentroak jakinarazi dauenez, zabalik dago dagoeneko Ile-apainketa ziklo formatiboan izena emoteko aurrematrikula epea, eta maiatzaren 22ra arte egongo da aukerea izapideak egiteko.
Eskaintza hau, batez be, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago; zehatzago esanda, 2025-2026 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan ikasi eta DBHko 2., 3. edo 4. maila amaitu daben ikasleei. Kurtso bakoitzeko 15 plaza egongo dira (beste 15 bigarren mailarako), eta lehentasunezko talde horretatik kanpoko eskaerak libre geratzen diran plazekin beteko lirateke, behin adjudikazio prozesua amaitutakoan.
Egutegia eta argibideak
Aurrematrikulak jaso ostean, onartutakoen eta ez-onartutakoen behin betiko zerrenda uztailaren 13an argitaratuko dabe. Data horretatik aurrera, eta uztail osoan zehar, plazea lortu daben ikasleek matrikula ofiziala egin beharko dabe zikloan sartu ahal izateko.
Gai honen inguruan argibide gehiago gura dabenek edo zalantzak argitu nahi dituztenek, erraz daukie: Lanbide Ekimenak zentrogaz jarri daitezke harremanetan 94 625 57 58 telefono zenbakira deituta, edota mezua idatzita administrazioa@lanbide-ekimenak.eus helbide elektronikora.





