Datorren domekan, ekainaren 7an, Bermeok txirrindularitzaren aldeko jai handi bat hartuko dau goizeko 10:30etik aurrera Lameran. Familia guztiarentzat pentsatutako ekimen solidarioa da hau. Aurten, IV. Bermeo Txirrindu Festa hau Bermeoko Udalak, Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak, Orkatzeta MTB Enduro Taldeak eta Bermeoko Ziklistek bultzatu dabe elkarlanean.
Ekimenaren helburu nagusia herrian bizikletaren erabilera jasangarria sustatzea da, baina esangura eta indar solidario handia be badauka. Izan be, goizeko 10:30etik 11:00etara egingo dan janari ematean, parte-hartzaileei Bizkaiko Elikagai Bankuari elikagai ez galkorren dohaintza egiteko eskaera egiten jake izena ematerakoan.
Horrez gain, Eutsi Gogor Danok Batera alkartea be bertan egongo da bere materiala saltzen, gaixotasun neurologikoak daukazten umeei laguntzeko.
Egitarauari dagokionez, goizeko 11:00ak eta 12:00ak bitartean bizikleta ibilbide herrikoia egingo dabe Bermeoko kaleetan zehar. Ostean, 12:30etik 14:30era bitartean, giroa ezin hobeto amaitzeko, trebetasun-zirkuitua, puzgarriak eta disko festa egongo dira Lameran bertan.
Antolatzaileek gogorarazi dabe parte hartu nahi daben guztientzat ezinbestekoa izango dela kaskoa ekartzea segurtasuna bermatu ahal izateko





