KIRIWIKI izango da Bermeoko Gazteleku barriaren izena, Gazte Kontseiluak erabakita

Joan dan barikuan egin eban ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku barria izango danaren proiektua aztertu dabe.

Egindako lanketaren ostean, Gazte Kontseilua osatzen daben 14 ikasleek (Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako ikasleak) euren ondorioak eta hartutako erabakiak aurkeztu zizkieen alkateari eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran.

Ikasleek udalbatzari egindako proposamenaren arabera, aurrerantzean Gazteleku barria antzinako Jose Done Ikastetxean (Hermanuek) kokatuko da, hau da, Ametzaga gunean. Era berean, gazteek eurek aukeratu dabe espazio barriaren izena: KIRIWIKI izango da Bermeoko Gazteleku barria. Urte amaierarako prest egotea aurreikusten da.

Espazio zabalagoa eta herritarrentzako gune biziagoa

Gazteleku barriak 200 metro koadro inguruko azalera eukiko dau; beraz, orain arte erabilitako espazioa baino askoz handiagoa izango da (Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuak 75 metro koadro baino ez zituen). Ikasturtean zehar, gazteek etorkizuneko jardueren diseinua landu, espazioaren hobekuntzak proposatu eta zerbitzua aberastuko daben ideia barriak mahai gainean jartzeko aukera euki dabe.

Bermeoko Udala hasi da dagoeneko Gaztelekua hartuko dauen gunea egokitzeko lanekin, datorren ikasturterako prest egon dadin. Lan honeek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, epe ertainera herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtzeko asmoz.

Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetatik bultzatutako proiektua da, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimen baten baitan sortutakoa. Arduradunek azaldu dabenez, Bermeoko kontseilua izan zan pasa dan urtean aurrera egitea lortu eban bakarra; horregatik, ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik harro egoteko modukoa dela adierazi deutsie.

Balorazio positiboa eta alkatearen esker ona

Kontseiluko kideek oso modu positiboan baloratu dabe ikasturtean egindako lana, eta guztiek baieztatu dabe datorren ikasturtean be Bermeoko Gazte Kontseiluan jarraitzeko prest dagozala, interesgarriak izango diran beste hainbat gai jorratzeko. Amaierako saioan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ikasleen inplikazioa nabarmendu nahi izan eban: “Proposamen desberdinak aztertu, landu, hausnartu eta erabakiak hartu dozuez. Hori da politika egitea”.

Alkateak eskerrak eman zizkien ikasleei, eta prozesu honetan familiek eta ikastetxeek emondako laguntza be azpimarratu eban, haur eta nerabeek euren gaietan parte hartzeko daukien eskubidea aldarrikatuz.