Kortezubiko Udalak, herriko haur eta gazteentzako kirol, jolas eta didaktika jarduerez beteriko uda diseinatu dau, ADR Urremendiko Gazteria Zerbitzuagaz alkarlanean. Eskaintza zabal hau hiru astetan biltzen da, bagilaren 29tik garagarrilaren 17ra bitartean, eta haur zein gazteen artean euskeraren erabilera indartzea dau helburu nagusi. Eskaintzaren barruan, iazko arrakastaren ostean, bigarren urtez jarraian egongo dira martxan STEAM Udalekuak, Stay Bigelek antolatuta, robotikagaz, programazinoagaz eta teknologia barriakaz esperimentetako.
Txikerrenentzat, hau da, 4 eta 9 urte bitarteko haurrentzat, “Kortezubiko udako kaleko kanpamentuak 2026” egitasmoa prestatu dabe. Eskolak goizez izango dira, 09:30etik 13:30era, eta jarduera gehienak herrian bertan egingo dira —yinkanak edo eskulanak, esaterako—, inguruetara urteerak egiteko aukerea be egongo dan arren. Txiki honeen kasuan, izena emoteko epea maiatzaren 30era arte egongo da zabalik eta Kortezubin erroldatutakoek eukiko dabe lehentasuna. Prezioari dagokionez, hiru asteak barne, 120 eurokoa izango da erroldatuentzat, eta familiek deskontu progresiboak eukiko ditue seme-alaba kopuruaren arabera (%15 bigarrenagaitik, %30 hirugarrenagaitik eta %45 laugarrenagaitik). Erroldatu bakoek, ostera, 230 eta 278,30 euro artean ordainduko dabe.
Nagusitxoagoentzat, 9 eta 14 urte bitartekoentzat, Udalak eta Urremendik “Busturialdeko Udalekuak 2026” jarri dabe martxan, eskualdeko beste herri batzuetako gazteakaz harremanak eta loturak sendotzeko. Kanpamentu hau bi txandatan banatzen da: lehenengoa, bagilaren 29tik garagarrilaren 10era, kirol eta entretenimenduzko ekintzez beteta egongo da eskualdeko hainbat txokotan, 09:30etik 14:00etara eta joan-etorriak autobusez eginda; bigarren txanda, garagarrilaren 13tik 17ra, STEAM Udalekuen txanda izango da Kortezubin bertan, 10:00etatik 14:00etara, zientzia eta robotika modu dibertigarrian ikasteko.
Gazteen udaleku honetan izena emoteko epea maiatzaren 29an amaituko da. Prezioei dagokionez, lehenengo bi asteetako kirol jarduerek 120 euroko kostua daukie erroldatuentzat (278,30 euro ez-erroldatuentzat); STEAM asteak, barriz, 60 euroko prezioa dau herritarrentzat (120 euro kanpokoentzat). Bi txandak batera baliatu gura dituztenek, azkenik, 120 euro ordaindu beharko dabe Kortezubin erroldatuta egonez gero, eta 350 euro erroldatu bakoek.





