Gernika-Lumoko Kulturetxeak kulturaz betetako hilabetea antolatu dau 2026ko bagilerako. Zinema, musika, dantza eta opera ikuskizunak buztartzen dabezan egitaraua herriko hainbat txokotan gozatu ahal izango da, hala nola Lizeo Antzokian, Seber Altube auditorioan edota plazetan.
Hilabeteari hasierea emoteko, bagilaren 1ean, astelehenez, opera gau magiko bat egongo da Bilboko Euskalduna Jauregian, ABAO Bilbao Operaren eskutik. “Andrea Chénier” lana ikusteko aukera egongo da 19:30ean, eta Gernikatik joateko autobusa arratsaldeko 18:00etan irtengo da. Sarrerek 60 eta 55 euro arteko prezioa izango dabe.
Hurrengo astean, bagilaren 12an (ostirala), musika elektronikoaren txanda izango da Lizeo Antzokian. “Infinity Clubbing” izeneko LIZEOTEKA saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 6 euroko balioa izango dau. Astebete beranduago, bagilaren 19an (ostirala), “Lattice” izeneko dantza garaikideko ikuskizuna helduko da San Juan Ibarra plazara, Ziomara Hormaetxe Company taldearen eskutik; gaueko 22:00etan izango da eta doan ikusi ahal izango da. Hurrengo egunean, bagilaren 20an (larunbata), Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek “Rock & Band” kontzertu berezia eskainiko dabe Lizeo Antzokian, arratsaldeko 20:00etan, 12 eta 9 euro arteko sarrerekin.
Zineari jagokonez, Mascha Schilinskiren “El sonido de la caída” (In die Sonne schauen) eta Fatih Akinen “La isla de Amrum” (Amrum) film alemaniarrak pantailaratuko dira Seber Altube auditorioan; lehenengoa bagilaren 5ean (ostirala) arratsaldeko 18:00etan eta bigarrena bagilaren 25ean (osteguna) iluntzeko 20:00etan. Bi proiekzio honeek doakoak izango dira. Azkenik, bagilaren 26an (ostirala), Asier Zugadiren kontzertua egongo da Arbolapean, iluntzeko 20:00etan, sarrera doan dalarik.





