Ibarrangeluko herritarrak eta Laga maite daben guztiak ez dagoz ados Estatuko Kostalde Zuzendaritzak abian jarri gura dauen proiektuagaz. Hori dala eta, Laga Baketan Laga herri plataformak kontzentrazinoa deitu dau datorren maiatzaren 16rako, zapatua, goizeko 11:30ean, Lagako hondartzan bertan.
Proiektuaren helburua ekialdeko aparkalekuan (azken hileotan itxita dagoena) duna artifizial bat eregitea da. Plataformako kideen ustez, obra hau “ez da beharrezkoa eta kaltegarria” da, bai naturarentzat, bai eta erabiltzaileentzat be. Izan be, duna barria egiteko hondartzako harea bera erabiliko dabe makina astunegaz, eta horrek ekosisteman, faunan eta olatuen korronteetan eragin handia eukiko dauela ohartarazi dabe.
Kexarik handienetako bat aparkalekuaren ingurukoa da. Duna egiteko, gaur egungo 4.000 metro karratuko aparkalekua kendu gura dabe, 250-300 plaza galduz. Horrek Ibarrangeluko erdigunean arazo handiak sortuko dituela uste dabe, jenteak Lagara etortzen jarraituko dauelako. Gainera, aparkaleku barria egiteko mendia eta basoa apurtu beharko lituzkete, eta hori “kontraesan ekologikoa” dela salatu dabe.
Plataformak honakoak eskatzen ditu:
- Proiektua bertan behera uztea eta aparkalekua zabaltzea egoerea argitu arte.
- Gardentasuna eta informazio ofiziala emotea, orain arte dena ezkutuan eta herritarren parte-hartze barik egin delako.
- Inguruko familia askoren ogibidea diren surf eskola eta tabernearen jarduera ekonomikoa errespetatzea.
Laga maite daben guztiei dei egin deutsie zapatuan hondartzara hurreratzeko, “gure hondartza dagoen moduan defendatzeko eta erakundeei proiektu hau gelditzeko” eskatzeko.





