Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Lanbide Ekimenerako Zentroak parte-hartze zuzena izango dau aurten Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek bultzatutako Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiagaz lotutako bost proiektutan. Ekimen hauen helburu nagusia lurraldearen lehiakortasuna indartzea da, eta gehienak eskualdeko beste garapen agentzia batzuegaz lankidetzan garatuko dira. Proiektuok enpresa txiki eta ertainei (ETE) laguntzeko diseinatuta dagoz, batez be iraunkortasuna, berrikuntza, digitalizazioa edota enpresa-kudeaketaren hobekuntza bezalako arloetan.
Eskualdeko enpresa-sarean hautemandako arazo oso zehatzei erantzuteko asmoagaz, bost proiektuek 110.000 euro baino gehiago mugituko dabez, zati batean Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuta. Ekimen honek tresna praktikoak eta laguntza teknikoa eskainiko dautsiez enpresei, askotan egitura barneko faltagaz, denbora ezagaz edota baliabide faltagaz prozesu konplexu honeei aurre egiteko zailtasunak izaten dabes eta.
Transformazio ekonomikoari aurre egiteko, abian jarriko diren programak honako hauek dira:
- Enpresa Berdea: Enpresei iraunkortasunean aurrera egiten lagunduko die, karbono-azpaztarna murrizteko, hondakinak kudeatzeko eta trantsizio ekologikoari lotutako laguntza publikoak eskuratzeko aholkularitza espezializatua emonez.
- Salbide: Merkataritza-prozesuak hobetzen eta merkatu zein bezero barriak bilatzen lagunduko dautse enpresei.
- Gernikaldeko enpresa-datuen oinarria eguneratzea: Eskualdeko garapen ekonomikorako politikak bertoko errealitatera hobeto egokitzeko tresna zehatzagoa eta koordinatuagoa izatea da xedea.
- BeTEK: ETEak eta agente zientifiko-teknologikoak modu zuzenagoan lotuko dauzen proiektu pilotua da, enpresa txikienak berrikuntza baliabideetara hurbiltzeko.
- BideLagun: Enpresei banakako laguntza emango dautsie, estrategia, talentua edota kudeaketa ekonomiko-finantzarioa bezalako arloetan diagnostikoak eta aholkuak eskainiz.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak azpimarratu dauenez, mota honetako programek “eskualdeko enpresen benetako beharretatik oso gertu lan egiteko aukera” emoten dabe. Lejarragak gaineratu dauen moduan, askotan berrikuntzaz edo eraldaketaz berba egiten dugu modu orokorrean, baina atzean laguntza zehatza behar daben enpresa txikiak dagoz. Bere ustez, Lanbide Ekimenak zentroaren balio nagusia tokiko ekonomia-sareagaz daukan lotura-gaitasunean datza, egitura txikientzat konplexuak diren prozesuetan bide lagun izateko.





