Martxan 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketea

Bermeoko Udalak abian ipini dau 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarteko kartel lehiaketea. Jaien gaia hartuta, kartelek herriaren izaerea erakutsi beharko dabe: jai herrikoiak, parte-hartzaileak, sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak.

Parte hartzeko baldintzak
Edozein pertsona fisikok hartu leike parte. Lanek baldintza honeek bete beharko dabez:

Neurria: 50 x 70 zm, formatu bertikalean.

Teknika: Nahi beste kolore eta teknika erabili leitekez.

Testua: Derrigorrez agertu behar da: “Bermeoko jaiak 2026” eta “Irailaren 7tik 16ra”.

Adimen Artifiziala: Erabili ezkero, egileak jakinarazo egin beharko dau aurkezterakoan.

Lanak aurkezteko modua
Lanak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 26an, 14:00etan, amaituko da. Bi bide dagoz:

Online: Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.bermeokoudala.eus/), PDF formatuan (bereizmen handikoa).

Aurrez aurre: Berhazen (Ertzilla kalea 6-8), 08:00etatik 14:30era, euskarri gogorrean.
Bi kasuetan N-292 inprimakia bete behar da.

Balorazinoa eta Finalistak

Bestalde bederatzi kidez osatutako epaimahai orekatu batek baloratuko dau estetika, Bermeoren izaerea, balioak eta originaltasuna. Garrantzitsua: gizakiek egindako lanek lehentasuna edukiko dabe adimen artifizialagaz egindakoen aurretik.

Epaimahaiak finalistak aukeratuko ditu, eta gero herritarrek izango dabe azken berbea bozketa bidez.

Bozkatzeko epea uztailaren 1etik (08:00) uztailaren 10era (14:00) izango da. Herritarrek hemen emon leikie botoa:

Online: Esaizu plataforman (Udalaren webgunean).

Aurrez aurre: Gizarte eta Kultura etxean (Irakaskintza 14-16).

Balioa: Aurrez aurreko botoak %70 balio dau eta onlinekoak %30.

Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa, eta irabazlearen izena uztailaren 13an jakingo dogu.

Informazino gehiago gura dauenak Gizarte eta Kultura Etxera jo leike (946 179 157 / kultura@bermeo.eus) edo oinarriak osorik ikusi www.bermeo.eus webgunean.