Mendatako Udalak “Goiz pasa” udalekuetan izena emoteko epea zabaldu dau

Mendatako Udalak martxan jarri dauz aurtengo “Goiz pasa” eguneko udalekuak, udako oporraldiari begira aisialdirako eta bizikidetzarako espazio seguru eta aberasgarriak eskaintzeko helburuagaz. Ekimen hau, batez be, udako oporretan lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko diseinatu da. Era berean, umeek zein gazteek euren ingurukoakaz harremanak landu, trebetasun barriak garatu eta jolasak partekatuz ondo pasa deien gune seguruak sortu gura dira.

Udaleku honeek 2016 eta 2022 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta dagoz, bi urteak barne. Egitasmoa ekainaren 22tik uztailaren 24ra bitartean garatuko da, goizeko ordutegian: jarduerak 9:30etik 14:00etara izango dira, eta sarrera ordua 9:00etatik 9:30era bitartean egokituko da. Zerbitzua hoberen egokitzeko, programa bost txandatan banatuko da, aste beteko iraupenagaz bakoitza : ekainaren 22tik 26ra , ekainaren 29tik uztailaren 3ra , uztailaren 6tik 10era , uztailaren 13tik 17ra eta uztailaren 20tik 24ra.

Prezioari dagokionez, Mendatako Udalak esfortzu handia egin dau kostua arintzeko eta familiei laguntzeko. Txandako eta ume bakoitzeko, familiek 30 euro baino ez dabe ordaindu beharko, eta Udalak bere gain hartuko dau gainontzeko zatia (95 euro txandako). Txanda guztiak aukeratuz gero, familiek 150 euro ordainduko dituzte guztira. Izena emoteko epea maiatzaren 29an amaituko da , eta izapideak online egin behar dira www.axiekitaldiak.com web-orriaren bidez.