Milaka lagun batu dauz XXXII. Arrain Azokak Bermeon, balorazio “oso positiboagaz” amaitzeko

Amaitu da Bermeoko XXXII. Arrain Azoka, eta antolatzaileek emandako lehen balorazioa “oso positiboa” izan da. Maiatzaren 22tik 24ra bitartean, milaka herritar eta bisitari igaro dira herritik itsasoari lotutako kulturaz, gastronomiaz, tradizioaz eta herri giroaz gozatzeko. Asteburu osoan zehar eguraldia lagun izan denez, jende mugimendu handia egon da azokako gune guztietan eta aurreikusitako egitarau osoa erabat bete da.

Aurtengo edizinoak itsasoaren zaintza eta jasangarritasuna jarri dauz erdigunean, “Itsasoa zaindu, bizia dastatu” lelopean. Mezu horren bueltan hainbat tailer, familia-jarduera eta sentsibilizazio ekimen antolatu dira ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko. Euskarak be presentzia nabarmena eduki dau Eskueran proiektuaren bidez, hizkuntzaren erabilera eremu sozioekonomikoan eta tokiko merkataritzan indartuz. Postuetako arduradunak be oso pozik azaldu dira salmentak “oso onak” izan diralako, eta artisauen gune barriak (Pop-Up Kresaltsua) harrera beroa jaso dau.

Karpa solidarioaren arrakasta 

Urtero legez, Lamerako karpa solidarioak erantzun bikaina eduki dau; ilara luzeak sortu dira marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko, eta prestatutako guztia agortu egin da. Asteburuan zehar ez da girorik faltatu itsas irteerekin, dastaketekin eta kalez kale ibili diran fanfarre, txistulari, trikitilari, dantza talde, erraldoi eta danborradagaz.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azpimarratu dau azokak herriaren izaera eta nortasuna erakusten jarraitzen daukala, eta eskerrak emon deutsoz parte hartu daben eragile, boluntario eta langile guztiei. Hala ere, alkateak aitortu dau domeka goizean Portuzarra eta inguruak hondakinez beteta agertu izanak “kezka eta tristura” eragin deutsala : “Ondo pasatzea eta errespetua eskutik joan behar dira. Gure herria eta gure itsasoa zaintzea guztion ardura da”, gogorarazi dau.