Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibuseko zerbitzu barriak diseinatzeko aurreproiektuak onartu dauz hasiera baten, tartean Busturialdea-Lea Artibai eskualdekoari dagokiona. Erabaki hau 2026ko apirilaren 1eko Foru Aginduaren bidez hartu da, eta orain hilabeteko epea zabaldu da herritarrek eta erakundeek euren alegazioak aurkeztu deien.
Mundakari dagokionez, albiste garrantzitsuak dagoz A3515 lineagaz (Bilbo-Bermeo). Izan be, aurreproiektuan agertzen zan informazioa 2024ko zerbitzuari buruzkoa zan eta ez egoan gaur egungo egoerara egokituta. Aldundiagaz berba egin ostean, eta Mundakako udal talde guztiak (maiatzaren 6an batuta) ados jarrita, Foru Aldundiak bermatu dau autobus zerbitzua gaur egun dagoen moduan mantenduko dela behin-behinean:
- Bilborantz: Geralekua Goiko Kalen.
- Bermeorantz: Geralekua saihesbidean.
Mundakaren eskaerak zerbitzua hobetzeko
Hala ere, Mundakako Udalak ez dau horretan itxi gura eta hobekuntza zehatzak eskatuko dauz alegazio bidez. Helburu nagusia herritarren erosotasuna eta garraio publikoaren erabilerea erraztea da. Hauek dira aurkeztuko diren eskaera nagusiak:
- Autobusa Goiko Kaletik igarotzea joan zein etorrian.
- Gernikako Ospitalean geraleku barri bat jartzea.
- Asteburuetan eta jai egunetan autobus gehiago ibiltzea (maiztasuna handitzea).
- Gaueko zerbitzua zabaltzea eta puntako orduetan errefortzu gehiago jartzea.
Interesa daukien guztiek aurreproiektua Bilboko bulegoetan (Iparragirre kalea 21) edo Aldundiaren webgunean kontsultatu ahal dabe hilabeteko epean.





