Mundakako Udalak herritar guztiei zuzendutako inkesta bat ipini dau martxan, udalerrian euskararen erabilereari buruzko eretxiak, ohiturak eta proposamenak batzeko asmoagaz. Ekimen hau Euskararen Sustapenerako Plan Estrategikoa lantzeko prozesuaren barruan kokatzen da, eta herritarren ahotsa entzun gura dau ezinbesteko oinarri modura.
Galdetegi honen bidez, herriko errealidade soziolinguistikoa sakonago ezagutu gura da. Udalaren helburua da euskararen erabilerea indartsuen dauen eremuak identifikatzea, baina baita zailtasun handienak dagozan lekuak antzematea be. Informazino-liburuxkan azaltzen dan lez, xede nagusia da “herritarrakaz batera, Mundakan euskararen etorkizuna gidatuko daben lehentasunak eta ekintzak zehaztea”.
Erabileran eragiteko beharra
Gaur egun, mundakar gehienek euskarea ezagutzen daben arren, eguneroko erabilereak beherantz egin dauela igarri da. Hori dala eta, beharrezkotzat jo dabe neurri barriak sustatzea euskararen presentzia esparru guztietan handitzeko: familian, eskolan, aisialdian, dendetan zein administrazinoan.
Saio edegia Gaztelekuan
Orain arte martxan egon dan inkestaz gain, herritarrek euren ideiak eta hausnarketak aurrez aurre konpartitzeko aukerea eukiko dabe. Horretarako, saio berezi bat egingo da maiatzaren 7an, eguena, 18:00etan Mundakako Gaztelekuan.
Udalak herritar guztiak animatu gura dauz prozesu honetan parte hartzera, euren inplikazinoa funtsezkoa baita tokiko errealidadera egokitutako plan eraginkor bat diseinatu ahal izateko.





