Mundakako Udalak jakinarazi dauen moduan, zabalik dago “Mundakatzen” ekimenaren bozketa-fasea, hau da, udalerriko 2026ko aurrekontu parte-hartzaileak erabakitzeko prozesua. Hainbat hilabetez herritarrek emandako 62 proposamenen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu ostean, horietatik 30 igaro dira azken txanpa honetara. Orain, mundakarren txanda da herrirako zein proiektu diren lehentasunezkoak erabakitzeko.
Bozketa-fase honetan parte hartzeko epea maiatzaren 28an hasi zan eta datorren ekainaren 7ko gaueko 23:59ak arte egongo da zabalik. Prozesu honetan pertsona bakoitzak hiru proposamen finalista aukeratu ahal izango ditu gehien jota. Bozketaren emaitza ofizialak ekainaren 7aren ondorengo astean argitaratuko dituela aurreikusi dau Udalak.
Parte hartu nahi daukaten herritarrek pauso erraz batzuk jarraitu behar dituzte euren iritzia emateko: lehenengo, onartutako 30 proposamenak irakurri; ondoren, norberarentzat egokienak diren hiru proiektuak hautatu; jarraian, datu pertsonalak osatu; eta, azkenik, botoak bidali. Erroldatutako mundakar guztien parte-hartzea funtsezkoa dela azpimarratu dau erakundeak, herria guztien artean eraikitzeko.
Bozketa epea amaitzen denean, Mundakako Udalak babes handiena jaso daben proposamenen garapena eta bideragarritasuna aztertuko dau sakonago. Prozesu hori amaitutakoan, komunikazio barri bat egingo da herritarren aurrean, azkenean aurrekontuagaz zein proposamen gauzatuko diren zehatz-mehatz ezagutzera emateko.





