Ibai baten osasuna uren kalitateagatik neurtzen da, baina baita bazterretan agertzen danagatik be. Helburu horregaz, Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen Sailak ibai-ibilguak eta ertzak garbitzeko jardunaldi barri bat antolatu dau datorren ekainaren 14rako. Ekimena goizeko 10:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileak Idigako aparkalekuan batuko dira bertatik abiatzeko.
Jarduera hau Let’s Clean Up Euskadi Europako kanpainaren barruan kokatzen da. Programa honen xede nagusia herritarrak espazio naturaletan utzitako hondakinek daukaten eraginaz sentsibilizatzea eta ingurunearen kontserbazioan parte-hartze zuzena sustatzea da. Ekintza adin guztietako pertsonei irekita dago, eta ingurumenaren babesagaz konprometituta dagozen hainbat erakunde eta talderen laguntza eukiko dau. Saioan zehar, boluntarioek Gernika-Lumoko ibai-inguruko hainbat puntu zeharkatuko dabez, uren hurbileko guneetan metatutako zaborrak kentzeko.
Udaletik nabarmendu dabe mota honetako ekintzek helburu bikoitza daukela. Alde batetik, udalerriko naturaguneen egoera hobetzea zuzeneko esku-hartze baten bidez; eta, beste aldetik, ibaiak eta hezeguneak bezalako ekosistema sentikorretan utzitako hondakinek dakartzaten ondorioen inguruan kontzientzia sortzea.
Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak herritarrak udalerriko ondare naturalaren kontserbazioan inplikatzearen garrantzia azpimarratu dau: “Ibaiak gure nortasunaren eta gure paisaiaren parte dira. Horiek garbi mantentzea guztion ardura da”, adierazi dau. Ekimen honek, gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Ihoberen eta Europar Batasunaren babesa daukala jakinarazi dabe, Let’s Clean Up Europe kanpainari lotutako lankidetza-programen bitartez.





