Omenaldi hunkigarria egin deutsie Gernikako Ospitale Militarrean hildako 269 gerra-presoeri

Gernika-Lumoko Zalloko hilerrian “269 in memoriam” ekitaldia burutu zen zapatuan, Pipergorri kultur alkarteak antolatuta, 1938 eta 1940 urteen artean herriko Gerra-Presoen Ospitale Militarrean hil ziran preso errepublikarrak gogoratzeko eta euren memoria duintzeko. Ekitaldi hunkigarri honen ardatza hildakoen senideen testigantzak eta bizipenak partekatzea izan zen.

Aurten, azken urtean kontaktatutako hiru familiari harrera berezia egin jake, euren indarrak eta oroitzapenak Gernikara ekarri dabez eta. Alde batetik, Bartzelonako Canet de Mar herritik etorritako Lluis Xiberta Puig-en familiak hartu eban parte; iaz omenaldia baino lehen loreak eta argazki bat itzi ostean, Pipergorrigaz harremanetan jarri eta adinagatik esfortzu handia eginez etorri dira ekitaldira. Bestetik, Kordobako Fuente Obejunako Francisco Molina Carrizosaren senideek gerra sasoian jasandako errepresio gogorra kontatu dabe. Azkenik, Asturiasetik bost senide hurbildu ziren Galo Álvaro Sariego Artidielloren historia argitzera; frankismoak gehien zigortutako familietako bat izanik (gurasoak fusilatu eta neba-arrebak kartzelatu edo maquis-en egozan), Olaya izeneko 8 urteko ilobak osaba-aitonaren biografia irakurri eban. Horregaz batera, ospitalea bera bisitatu eban lekuko bakarrak, 98 urteko Begoña Fernándezek, hitz batzuk esan ebazan.

Senideen berbek sortutako emozioaren ostean, bertaratutako 18 pertsonaren artean ospitalean zendutako 269 gizonen izenak irakurri ebezan “Izanari izena emon” ekimenean, eta ondoren lore-eskaintza eta minutu bateko isilunea egin ebiezan Memorialean. Ekitaldia borobiltzeko, Segundo Olaeta Musika Eskolako Bandako 12 kidek Riegoren Himnoa eta Gernikako Arbola interpretatu ebiezan, frankismoaren isiltasunak zabaldutako zauriak ixten laguntzeko ekitaldi baten.