Bermeoko Udalak gaur, ekainak 15, jarri dau indarrean Portuzarreko sarbide-kontrol sistema barria, udako portuko itxieragaz batera. Gaurtik hasi eta irailaren 20ra arte, Portuzarra egunero zarratuko da 13:00etatik 18:00etara. Aurrerantzean, itxiera-ordutegi horretan eremuan sartzen diran ibilgailuak matrikulak irakurtzeko kameren bidez kontrolatuko dira.
Laguntza Berhazen eta itxiera egutegia
Plataforma digitala erabiltzeko zailtasunak daukazan herritarrek Berhaz bulegoaren laguntza eukiko dabe. Bertako langileek datuak txertatzen lagunduko deutse inor kanpoan ez geratzeko. Erantzun guztiak posta elektronikoz emango dira, eta egoera une oro kontsultatu ahal izango da eskaeraren erreferentzia-kodeagaz.
Gogorarazi behar da Portuzarreko sarbidea mugatuta dagoela urteko sasoi desberdinetan 13:00etatik 18:00etara:
-
Udan: Ekainaren 15etik irailaren 20ra bitartean.
-
Aste Santuan.
-
Gabonetan: Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean.
-
Jaiegunetan eta urteko asteburu guztietan (bariku, zapatu eta domeketan).
Sarbide-baimenak bertako etxebizitzetan erroldatutakoei, amarristei, portuko eragile ekonomikoei, ostalariei, merkatariei, elkarteei eta lonjen erabiltzaileei zuzenduta dagoz, baldintzak betez gero.
Udalaren ustez, kontrol barri honek Portuzarraren erabilera modu orekatuan antolatzen lagunduko dau, jarduera ekonomikoak eta sozialak bateragarri eginez eta oinezkoen erabilera lehenetsiz, denon gozamenerako espazio publiko atsegin eta kalitatezkoa izan dadin.



