Robotika eta programazinoa Gernika-Lumoko udaleku teknologikoetan

Teknologia dagoeneko ez da bulegoetako edo laneko kontua bakarrik, aisialdi hezitzailearen eta astialdiaren zati be bihurtzen hasi da. Uda honetan, Busturialdea-Urdaibaiko ume eta nerabeek programazinoari, elektronikari eta robotikari hurbiletik heltzeko aukera bikaina eukiko dabe barriro, Gernika-Lumon antolatu diran udaleku teknologikoen edizino barri bati esker.

Ekimen hau Aste Santuan izandako esperientziaren erantzun bikainaren ostean dator. Orduan sortutako interes handiak bultzatuta, proiektua zabaltzea erabaki dabe, eta udako oporretan jardueraz betetako bi aste oso eskainiko dabez.

Udalekuak ekainaren 22tik 26ra eta ekainaren 29tik uztailaren 3ra egingo dira Gernika-Lumoko Kultur Etxean (Foru Plazan). Programa hau 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzat pentsatuta dago, nagusiki Gernika-Lumon erroldatuta dagozenentzat, nahiz eta Busturialdea-Urdaibai eskualdeko beste herri batzuetako familiek be parte hartu ahal izango daben.

Guztira 56 plaza eskainiko dira: 28 aste bakoitzeko, adinaren arabera bi taldetan banatuta (14 partaide talde bakoitzean). Antolatzaileek talde txikien formatu honi eutsi nahi diote, ikaskuntza pertsonalizatuagoa eta dinamikoagoa izan dadin.

Teknologiaregaz jokatuz ikastea

Udalekuak irauten dauen egunetan, partaideek programazinoagaz, elektronikagaz eta robotikagaz lotutako tailerretan egiten dabe lan, jarduera hezitzaileak eta esperimentazio praktikoa uztartuz. Ordutegiari dagokionez, sarrera malgua egongo da goizeko 08:30etik 09:00etara; tailer teknologikoak 09:00etatik 14:00etara egingo dira; eta irteera malgua izango da 14:30era arte.

Gernika-Lumoko Udalaren ustez, era honetako ekimenek gaitasun digitalak adin txikitatik lantzea ahalbidetzen dabe, teknologia umeen eta nerabeen eguneroko bizitzaren parte den testuinguru honetan. Udal sail honetatik azaldu dabenez, helburua tresna digitalen erabilera sortzaile eta hezitzailea sustatzea da.

Jon Lejarraga Sustapen Ekonomikorako zinegotziak azpimarratu dau Aste Santuan lortutako erantzunak agerian utzi ebala familien interesa era honetako proposamenekiko: “Ikusi genuen ikaskuntza praktikora bideratutako jarduera teknologikoen eskari erreal bat zegoela. Familia askok oporretan aisialdia eta prestakuntza uztartzen dituzten alternatibak bilatzen dituzte”, adierazi dau.

Udalekuaren prezioa 140 eurokoa izango da, eta ordainketa banku-txartel bidez edo transferentziaz egin ahal izango da. Plaza kopurua mugatua denez eta Aste Santuko aurrekaririk ikusita, antolatzaileek eskari handia egongo dela aurreikusten dabe.