Rock N’ Band ikuskizunak indartsu ospatuko dau bere 15. edizioa Gernika-Lumoko San Juan jaien barruan

Aurten gogotsu eta indar handiz dator Rock N’ Band ikuskizun ezaguna, bere 15. ediziora iritsi dela eta. Urtero legez, ekimena San Juan Ibarrako jaien harira antolatu da, eta data berezi honetarako kartel ikusgarria prestatu dabe. Hitzordua ekainaren 19an izango da, ostirala, iluntzeko 22:00etan San Juan Ibarra plazan. Kontzertuak ordubeteko iraupena izango dau gutxi gorabehera.

Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak (SOME) antolatutako ekitaldi honetan, kalitatezko musika eta ikuskizuna ziurtatuta egongo dira. San Juan gau magikoaren paisaiarekin oholtzaratuko dira Segundo Olaeta Banda Sinfonikoa osatzen duten 50 musikariak, Rock Konboagaz eta eskolako hainbat abeslarigaz batera. Gainera, aurten be ez dira bakarrik egongo, herriko talde eta lagunekin indarrak batuko dabezelako jaien giroa berotzeko: Ross dantza eskola, Elai Alai Dantzari Taldea eta Swingtxakun egongo dira euren koreografiekin laguntzen.

Errepertorio zabala: Rock gogorratik hasi eta euskal klasikoetaraino

Bertaratzen diran ikusleek mota askotariko abestiez gozatzeko aukera paregabea edukiko dabe, gustu guztietarako musika egongo baita:

  • Klasikoak eta pop-rocka: La Raíz taldearen Entre poetas y presos edota Antonio Floresen No Dudaría ereserki ezaguna interpretatuko dabez. Suediako ABBA talde mitikoaren kanta arrakastatsuenak be ez dira faltako dantzara deitzeko.

  • Rock gogorra eta gordina: Rock zaleenek Nirvana, Gun’s and Roses, Iron Maiden edota Ozzy Osbourne bezalako talde erraldoien doinuekin gozatu ahal izango dabe.

  • Nazioarteko mainstream-a: Gaur egungo doinuetara hurbilduz, Koreako K-Pop mainstream estiloko Golden kanta famatua zuzenean joko dabe, eta Eurovision festibaletik ateratako Euphoria abesti elektronikoa berrasmatuko dabe sinfoniko erara.

  • Euskal Herriko rocka: Gure lurraldeko kantu ikonikoenek leku berezia edukiko dabe, sinfonismoz jantzita aurkeztuko baitira. Horien artean egongo dira Kalakan taldearen Sagarra Jo, Aguraingo La Polla Records taldearen Ellos dicen mierda edo No somos nada, eta Ken 7 talde gernikarraren Zapalduen Olerkia pieza bikaina.

    Kontzertu honek eskualdeko etorkizun zein orainaldi musikala erakutsiko dau zuzenean plazan. Antolatzaileek herritar eta bisitari guztiak gonbidatu dabez bertara.