San Juan Bezpera indartsua prestatu dau Bermeok kalejira, sua eta Gaztelugatxe Zentro barriaren irekieragaz

Bermeoko Udalak prest dauka jada San Juan Bezperako ospakizun handia. Ekainaren 23an, herriko talde, elkarte eta boluntario ugarik hartuko dabe parte urtero ehunka herritar erakartzen dabezan hitzordu magiko honetan. Kalejira, musika, jantzea, irrintziak eta San Juan sua izango dira gau berezi honetako protagonista nagusiak.

Kalejira eta sua Goiko Plazan

San Juan Bezperako kalejirea gaueko 21:00etan abiatuko da Gizarte eta Kultura Etxetik. Bertan herriko talde eta elkarte ugari batuko dira herriko kaleak jai giroan murgiltzeko: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, KIETB Erraldoi Txikien Konpartsa, Antortxeroak (Gaztelugatxe Danborrada Taldea eta Erraldoien Konpartsa), Kankinkabara Txistu Taldea, Ttakuntxo Txalaparta Taldea, irrintzilariak, adarjoleak, Kanta Kanta Lorue, Arrekatxutxa eta hainbat boluntario.

Kalejireak herriko hainbat kale eta txoko zeharkatuko dauz (Talaranzko, Aurrekoetxea, Baztarre, Santa Klara eskailerak, Portuzarra, Lamera eta Sanjuanportale, besteak beste) Goiko plazan amaitzeko. Ibilbidean zehar sei geldialdi egingo dabez, eta parte-hartzaileek abestiak, jantzak eta herri kulturaren adierazpenak eskainiko dabez.
Goiko plazara iristean, txalaparta doinuekin eta irrintziekin batera piztuko da San Juan sua, urteko gau sinbolikoenetako bati bide emoteko. Segurtasuna bermatzeko, Herri Babesako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorriko kideak arituko dira zaintza lanetan.

Segurtasun neurriak eta paperezko kartazalak

Udalak Goiko plazako auzokideen lankidetzea eskatu dau segurtasun neurriak behar bezala bete daitezen. Gomendio nagusiak honakoak dira:

  • Balkoietako ate eta leiho guztiak ixtea.

  • Pertsianak jaistea eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta daukazela ziurtatzea.

  • Ezingo da balkoi edo terrazetara irten sua erabat amatu arte.

Era berean, gogorarazi dabe ezin dela inolako zaborrik sutara bota. Sutara botatako material desegoki guztiak kendu egingo dira, eta sua egiteko udal eraikinetan banatutako paperezko kartazalak edo paper txikiak baino ezingo dira erabili. Kartazal honeek Gizarte eta Kultura Etxean, Turismo Bulegoan, Areneko kiroldegian, Berhaz bulegoan eta Sancti Spiritus zaharren egoitzan eskuratu ahal izango dira, eta ekainaren 23an bertan Kabidxen be egongo dira eskuragarri.

Berrikuntza nagusia: Gaztelugatxe Zentroaren irekiera

Aurtengo jaien berritasunik handiena Gaztelugatxe Zentroaren irekiera izango da. Ekainaren 23an bertan zabalduko dauz ateak espazio barri honek Bermeoko Alde Zaharrean, Sanjuanportaletik metro gitxira. Gune honek Gaztelugatxeko itsas ondarea, natura eta historia modu interaktibo eta irisgarrian ezagutzeko aukera emango dau.

Zentroa ekainaren 23tik irailaren 30era egongo da zabalik ordutegi honegaz:

  • Lanegunetan: 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

  • Domeka eta jaiegunetan: 10:00etatik 14:00etara.

  • Oharra: Astelehenetan eta irailaren 9an zarratuta egongo da.

San Juan Eguna Gaztelugatxen

Ospakizunek ekainaren 24an, San Juan Egunean, edukiko dabe jarraipena. Ohiturari eutsiz, herritar eta bisitari ugari igoko dira Gaztelugatxeko donienara. Bertan lau meza ospatuko dira goizean zehar: 06:30ean, 07:30ean, 08:30ean eta 12:00etan.

Bermeoko Udalak eskerrak emon gura deutsiez jaiak antolatzen laguntzen daben talde eta boluntario guztiei, eta herritarrei dei egin deutse neurriak errespetatu ditzaten, jaiak seguru eta giro onean igaro daitezen.