Gernika-Lumoko azoka berezien denboraldia asteburu honetan bertan, ekainaren 6an, hasiko da. Urteko lehenengo hitzordu honek hurbileko produktua, gastronomia eta ohitura zaharrak batuko dauz, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 14:30era bitartean. Urdaibaiko Txakolinaren Eguna deitutako ekitaldi honegaz abiatuko da abendura arte luzatuko dan egutegia, euskal nekazaritza eta elikadura sektorearen erakusleiho nagusi bihurtu dena.
Larunbateko jardunaldian, Urdaibaiko hainbat upategik Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturapean egindako lanak aurkeztuko dabez, Euskadiko txoko desberdinetatik heldutako gazta aukeraketa bikain bategaz batera. Horrez gain, eskualdeko nekazariak eta artisauak be egongo dira, lehen sektoreari laguntzeko eta landa-inguruneari lotutako kalitatezko produktuak ezagutzera emoteko eredu indartsua babestuz.
Zazpi hilabeteko egutegia bertoko produktuen inguruan
Udalak zehaztu dau 2026ko egutegi osoa, jendea erakartzeko eta herriko ekonomia suspertzeko daukan gaitasuna erakutsi dauen formula mantenduz. Ekaineko txakolin eta gazta azokaren ostean, uztailaren 4an Gernikako Piperraren Eguna ospatuko da, herriko baratzeetako produkturik adierazgarrienari lekua eginez. Abuztuaren 1ean Arabar Errioxako ardoari eta bakailaoari emango jake txanda; irailaren 5ean, ostera, Bizkaiko untxia eta sagardoa izango dira protagonista.
Urria izango da hilabeterik jendetsuena. Urriaren 3an Sukalki Eguna ospatuko da, eta biharamunetan, urriaren 4an eta 5ean, Euskal Herriko Piriniotar Arrazako Behien XXXIX. Txapelketa, abere erakusketa eta baserriko tresneriaren salmenta egongo dira, Urriko Lehenengo Astelehenaren atarian. Hilabetea borobiltzeko, urriaren 26an Gernikako Azken Astelehena ospatuko da, Eusko Labeldun produktuak, dastaketak eta lehiaketak batzen dauzen azoka erraldoia.
Urte amaierak be gastronomia izango dau ardatz. Azaroaren 7an Gernikako Babarrunaren Eguna egingo da, eta abenduan barraskiloak hartuko dabe protagonismo osoa: abenduaren 5ean barraskilo azoka egongo da eta hilaren 20an Euskal Herriko XLIX. Barraskilo Txapelketa ospatuko da. Egitarau zabal honen bidez, Gernika-Lumok tokiko produktua sustatzeko, lehen sektoreari babesa emoteko eta herriko bizitza sozial zein ekonomikoa indartzeko konpromiso sendoari eusten deutso.





