Bermeoko Udalak, Behargintzaren bidez, herriko saltoki eta negozio txikiak indartzeko udazkeneko kanpaina berezia aurkeztu dau: ‘Bertokoa dalako… Bermeon erosi’. Ekimen honek herritarrak Bermeon bertan erostera animatu nahi dau, tokiko merkataritzak herriko ekonomian zein kaleen bizitasunean daukazan onura handiak azpimarratuz.
Guztira, herriko 60 establezimendu inguruk egingo dabe bat ekimenagaz. Mota askotako saltokiak egongo dira aukeran: harategiak, arropa-dendak, botikak, etxetresna elektrikoen denda zein liburu-dendak, besteak beste.
Parte hartzea oso erraza da eta sariak eskuratzeko bidea dakar:
-
20 euroko erosketak: Kanpainako dendetan 20 euroko erosketa egiterakoan, bezero bakoitzak harraskatzeko txartel bat jasoko dau.
-
Zuzeneko sariak: Guztira 3.000 txartel banatuko dira eta hirutik batek saria dauka (10 edo 20 euroko saria, erosketa egin dan denda berean gastatzeko).
-
Erabiltzeko epea: Irabazitako sariak abenduaren 10era arte erabili ahalko dira.
-
Gabon azokarako zozketa: Saririk lortzen ez daben txartelak be baliagarriak izango dira. Dendetan jarriko diren kutxetan uztea nahikoa da Gabon azokan egingo den zozketa berezian parte hartzeko.
Udalak gogorarazi gura izan dau herriko merkataritzan erostea herria bera zaintzea eta bizirik mantentzea dela. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dauz euren erosketak konfiantzazko tokiko dendetan egitera. Udazkeneko ekimen honen ostean, merkataritza babesteko lanei jarraipena emango jako Gabon sasoian.



