Leorte-garaietan ur-hornidura bermatzeko eta eskualdeko ur-defizit kronikoagaz amaitzeko urrats nagusia emon dau Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP). Batzar Nagusiak 400,4 milioi euroko inbertsio egitaraua onartu dau 2030. urtera begira, eta horietatik 57,7 milioi euro zuzen-zuzenean bideratuko dira Busturialdeko sistema orokorra Zadorrako sareagaz Mungia inguruan lotzeko obretara.
Eskualdeak urteak daroiez agorraldietan ur-eskasia larria jasaten, baina azpiegitura barri honi esker azkenik konponbide ziurra eta behin betikoa emongo jako problemari. Obrak hiru sortatan banatuta egongo dira; datorren hilean lizitatuko dira eta datorren urtean hasiko dira lanean, gitxi gorabehera bi urte eta erdiko iraupenagaz.
Konexio nagusi hori amaitu bitartean, behin-behineko neurriak jarri dira martxan ur-emaria bermatzeko. Esaterako, Bermeo Sistemarako Bakio eta Sollubeko ur-hartzeen arteko konexioa amaitu zen iazko ekainean, eta udan zehar errendimendu osoz ibili da lehorte-sasoian ere herritarrei ura ziurtatzeko.
Bestalde, eskualdeko barruko saneamendu eta ingurumen-kalitatea hobetzeko helburuagaz, Morga ekialdeko arroko saneamendu-lanak ere sartu dira onartutako egitarauan. Horregaz batera, ur-sareen mantenu orokorrerako eta hobekuntzetarako 2027ko udal laguntza-planak eta zerbitzu-tarifen % 4ko egokitzapena ere babestu dau Batzarrak.



