Datorren apirilaren 26an, kirolak eta elkartasunak bat egingo dabe gure eskualdeko errepideetan, emakumeen arteko kirol-praktika sustatzeko asmoagaz.
Gernikarrentzat hain berezia dan egun horretan, 1937ko bonbardaketea gogoratzen dan egunean hain zuzen, Aixerrotape Txirrindularitza elkarteak emakumeen irteera zikloturista ospatuko dau. Ekimen honen helburu nagusia ez da lehiaketea, emakumeen ahalduntzea eta kirolaren bidezko komunitatea sortzea baino.
Antolatzaileen esanetan, bizikletea tresna bikaina da askatasuna eta osasuna aldarrikatzeko, eta tropel moreak elkarregaz indartsuagoak garala erakutsiko dau ingurune seguru eta lagunkoi baten.Ibilbideari dagokionez, parte-hartzaileek 56,5 kilometroko ibilbide dinamiko eta irisgarriari aurre egin beharko deutse, guztira 750 metroko desnibel positiboagaz.
Goizeko 09:00etan hasiko da martxa Gernikan Merkurio iturrian, eta handik Gautegiz, Laida, Laga, Ibarrangelu, Ereño, Nabarniz, Arratzu eta Mendatatik igaroko dira, barriro Gernikara heldu arte. Indarrak berritzeko, hamaiketako ederra eskainiko da Ereñoko herrian. Ekimen honen bidez emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna sustatuko da txirrindularitzan.
Gogoratu behar da ez dagoala izena emoteko eperik, txirrindularitza maite daben emakumeen arteko topaketa librea izan nahi dau-eta. “Giro ona, osasuna eta lagun arteko erronkea izango dira nagusi goiz ahaztezin honetan” azpimarratu dabe.
Beraz, antolatzaileek kaskoa eta gurpilak prestatzera animatzen dabe “apirilaren 26an tropel morearen parte izateko eta gure paisaia naturaletatik pedalak astintzeko”.





