Bermeoko Udalak, liburutegiaren bidez, herriko irakurle txokoetan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dau datorren ikasturteari begira. Aurten be bi aukera egongo dira herritarrentzat: ohiko irakurle txokoa eta txoko feminista. Interesa daukaten guztiek ekainaren 30era arte daukie epea izena emoteko.
Aurten aldaketa bat egongo da izena emoteko prozesuan, izen-ematea liburutegian bertan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko baita, inprimaki zehatz bat beteta.
Berrikuntzak eta taldeen antolaketa
Ikasturte barriari begira, aurreko urteko partaideek lehentasuna eukiko dabe izena emoterakoan. Hala ere, lekua mugatua izango da, txoko bakoitzean gehienez 15 pertsona egon ahalko baitira. Izen-emate barrien artean leku arazoak egonez gero, zozketa bat egingo da. Gainera, eskaera handia balego, ohiko irakurle txokoaren bigarren talde bat sortzeko aukera aurreikusten da. Matrikulazio epea amaitu ostean lekurik libre geratuko balitz, bigarren talde horretan sartzeko aukera zabalduko litzateke.
Txoko biak udal liburutegian batuko dira, arratsaldez, eta Nagore Fernandez Zabala arduratuko da saioak dinamizatzeaz. Saioak doakoak izango dira eta honako ordutegia edukiko dabe:
-
Ohiko txokoa: Hileko hirugarren eguaztenetan batuko da. (Bigarren talde bat sortuz gero, hileko azken eguaztenetan egingo litzateke).
-
Txoko feminista: Hileko azken eguenetan elkartuko da.
Bi espazio literaturan sakontzeko
Txoko bakoitzak bere izaera propioa dauka, herritarrei irakurtzeko modu desberdinak eskaintzeko:
-
Txoko feminista: Genero ikuspegitik irakurtzeko gunea izango da. Idazlanen alderdi estetikotik harago, generoak obretan daukan indarra eta diskurtsoak aztertuko dabez. Landuko dabezen gaien artean amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduak, eredu ez-binarioak, prostituzioa eta espazio publiko zein pribatuaren arteko harremanak egongo dira.
-
Ohiko irakurle txokoa: 2011. urteaz geroztik dago martxan. Literaturan interesa daukaten herritarrak biltzen dauz hilero, irakurritako liburuen inguruan patxadaz berba egiteko eta iritziak partekatzeko.
Ekimen honen helburu nagusiak irakurzaletasuna sustatzea, euskarazko sorkuntza zein euskaratutako autoreak ezagutaraztea eta parte-hartzaileen artean konfiantzazko talde dinamiko bat sortzea dira.
Parte hartzeko baldintzak
Txoko hauetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Bermeon erroldatuta egotea, liburutegiko bazkide izatea eta udalagaz zorrik ez edukitzea. Horrez gain, konpromisoa eskatzen da: saio bitan jarraian justifikazio barik huts eginez gero txokotik kanpo geratuko da partaide hori, eta liburutegiko liburuak garaiz jaso eta bueltatzea be behar-beharrezkoa izango da



