Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasun Sailak herrian egindako zaintzari buruzko lehenengo Diagnostiko Partekatua aurkeztu dau. Zaintza Mahaiak bultzatutako lan honek zaintzaileen eta zaintza jasotzen daben pertsonen errealitatea eta tokiko zaintza-sistemak daukazan erronkak sakon ezagutzea dauka helburu.
Agiri hau azken hilabeteotan egindako partaidetza-prozesu baten emaitza da, Elhuyar fundazioaren laguntzagaz eta gizarte zein erakunde arloko eragileen eta herritarren inplikazioagaz osatutakoa. Guztira, 23 elkarrizketa egin dira eta bertan adin eta profil desberdineko 34 pertsonak hartu dabe parte, euren esperientziak eta premiak azaltzeko. Elkarrizketatuen artean, % 76,5 emakumeak izan dira, zaintza-lanetan daukaten pisu handiaren erakusle. Era berean, parte-hartzaileen ia laurden bat 35 urtetik beherako gazteak izan dira eta beste % 23, ostera, 65 urtetik gorako helduak, azterketari belaunaldi arteko ikuspegia gehituz.
Zaintza Mahaia 2023an sortu zan, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren ostean Gernika-Lumon lortutako akordioei esker. Mahaian udaleko ordezkariak, alderdi politikoak, sindikatuak, pentsiodunen mugimendua eta Gernika-Lumoko Sare Feminista batzen dira, herriko zaintzaren antolaketari buruzko ikuspegi partekatua eraikitzeko.
Zaintzak emakume aurpegia izaten jarraitzen dau
Azterketak arreta berezia jarri dau adineko pertsonen, dibertsitate funtzionala daukienen eta zaintza-lanak familian egiten dabezenen artean. Ondorio nagusien artean nabarmentzen da zaintza-lanak emakumeen gain geratzen dirala nagusiki, eta horrek karga fisiko eta emozional handia, kontziliatzeko zailtasunak, bakartze soziala eta ondorio ekonomikoak ekartzen dabezela familia askorentzat.
Diagnostikoak etxeko eta zaintza-lanetako beharginen egoerari be erreparatzen deutso; gehienak emakume migratzaileak dira eta lan-baldintza konplexuei, administrazio-zailtasunei eta prestakuntzarako aukera guztiei aurre egin behar dautsie. Txostenak ohartarazten dau egoera administratibo irregularrak langile honeen zaurgarritasuna handitzen dauela eta oinarrizko eskubideak lortzea zailtzen deutsiela.
Zerbitzu publiko eta komunitarioen erantzunari jagokonez, ikerketak dino pandemiak eta krisi ekonomikoek muga batzuk itzi dabezela agerian, batez be baliabideen erabilgarritasunari, burokraziari edo zerbitzuak familien eta mendetasuna daukien pertsonen benetako beharretara egokitzeari jagokonez.
Datozen urteetarako ibilbide-orria
Egungo argazkia erakusteaz gain, diagnostikoak datozen urteetan lantzeko lehentasunezko arloak zehaztu dauz: zaintzaren feminizazioa gitxitzea, zaintzaileen bakardadeari aurre egiteko topaguneak sortzea, sektoreko langileentzako aholkularitza juridikoa hobetzea eta laguntzarako iturri komunitarioak indartzea. Informazioa herritar guztiei helarazteko, Udalak dokumentuaren laburpen bat banatuko dau laster herriko etxe guztietako postontzietan.
Nerea Revuelta Berdintasun zinegotziak adierazi dauenez, “zaintzak eguneroko bizitzari eusten dautso, baina denbora luzez ikustezina izan da. Diagnostiko honek aukera ematen dausku premiei izena jartzeko eta erakundeetatik zein komunitatetik erantzun kolektiboak eraikitzen hasteko”.
Lan hau udalaren konpromisoa sendotzeko eta herritarrei laguntza zein baliabide hobeak eskaintzeko ibilbide-orria izango da aurrerantzean.





